EU|ES

2. ASMOAK

Aurreko lerroetan, bidez batez izan bada ere, aipatu ditut zeintzuk izan ziren gure taldeak lan hau abian jartzerakoan aurrez aurre izan zituen asmoak, batez ere euskarak behar zituen materialak prestatzearen garrantzia nabarmenduz. Hurrengo lerroetan zehazkiago aipatu nahi ditut asmo horiek, taldearen nondik norakoak ulertzeko nahiz urteetako iraupenezko jardun horretarako izan duen barneko indarraren argibide izango direlakotan:

  • Euskara gaur egungo gizarteko arlo guztietan (administrazio, irakaskuntza, euskalduntze, komunikabide eta abarretan) erabilgarri egiteko urratsak ematea. Euskarak ezinbestekoak zituen, inguruko gainerako hizkuntzek bezala, euskara hutsez eginiko hiztegiak eta antzerako materialak. Ikastolek eta ere, beste alor batzuetan, material horiek gertatzen ziharduten.
  • Euskalkien eta euskara batuaren artean zubi egokia egitea. Une hartan tirabira gogorrak ziren euskara batuaren aldeko eta aurkakoen artean. Hori zela eta zubi-lana egin nahi izan genuen beren beregi euskalkien aberastasunak (adibideak, esaldiak, joskera, nabardurak...) jaso eta gure hiztegien bidez belaunaldi berrien esku jartzen saiatuz.
  • Hiztegietan eskaintzen diren adibideak (batez ere definiziozko hiztegietan), hitzaren eremu semantikoa hobeki mugatzeko erabili izan ditugu. Horrela, sarritan ezinbesteko baliabide izan ohi dira sarrera baten edukia zein erabilera egokiro proposatzeko. Era berean, mendez mendeko gure kultura idatzia belaunaldi berriei aurrez aurre jartzeko bide paregabe ere izaten dira. Bestalde, arreta handiz jokatu izan dugu giza eskubideen aldeko apustua eginez, gure herriari, gure kulturari, ekologiari, gizakienganako begiruneari adibideetan aparteko lekua eskainiz.
  • Gure hiztegietan, esan den bezala, euskalkiei diegun maitasunaren eta begirunearen ondorioz leku nabarmena izan dute sinonimoek. Berauek izan ziren gure lehen liburuko abiabide, eta euskalkien ezagutza-eremua zabaltzeko eta besteen euskara ikasiz joateko urrats bezala hartu ditugu, definizioko hiztegietan eta hainbat jaso eta eskainiz.
  • Gure taldearen beste asmoetariko bat zenbait ikerlari euskaldun trebe gure inguruan bildu, eta beraien ekarpenak jotzea izan da. Era berean, garrantzi handia eman diogu jende gaztea trebatzeari, gurekin lanean aritu diren zenbait pertsonak lexikologia alorrean zenbait lekutan euskararen onerako lanean jardutea lortu dugularik.
  • Azkenik, gure asmoa dirua egitea izan ez denez (dudarik gabe, kide gehienok beste lanbideren batetan izan dugulako bizitza ateratzeko diru iturria iraun du), eta jardun honetan euskararen alde hainbeste ordu dohainik eman izan ditugunez, gure hiztegiek merkatuan euskarako hiztegien prezioa merke izatea ere lortu izan dugu. Horrek, jakina, oinarrizko hizkuntza tresnak gaztelaniako pareko hiztegiak baino merkeago izatea ekarri du, bide batez euskarari indarra emanez.

 

Adorez Hiztegiak | Bostak Bat Elkartea | Aurreko argitalpen batzuk | Taldea

(C)2010 Adorez Hiztegiak, Bostak Bat Kultur Elkartea